2020. urtea COVID-19a bat-batean agertu zen urtea bezala gogoratuko dugu, mundu mailan aurrekaririk gabeko osasun, gizarte eta ekonomia larrialdi bat eragin zuen pandemiagatik. Pandemiaren ondorioak suntsitzaileak izan dira, bai gaixoen eta hildakoen kopuruei dagokienez, bai enpresen ekonomiari eta gizarte-geruza askoren pobretzeari dagokienez. Gaur egun, herrialde garatuenak benetan suspertzen ari diren arren, munduko leku askotan ezin izan da txertoa masiboki banatu, eta birusak aurrera egiten jarraitzen du, mutatzen, hondatzen eta jendea hiltzen. Beharrezkoa da, beraz, estatuak eta gizarteak guztiz ohartzea gaixotasun hau lurreko bazter guztietatik desagerrarazteko premia larriaz.
Iaz, Espainiako ekonomiak % 11ko beherakada izan zuen, euroguneko handiena eta ELGAko handienetakoa. 2021ean, badirudi BPGaren susperraldi indartsua gertatuko dela (+% 6,4), baina ez da aurreikusten pandemiaren aurreko mailetara iristea 2022ko amaierara arte. Ekonomiaren kimu positibo horri bultzada argia eman dio Europar Batasunaren erantzunak: estrategiaz aldatu du krisialdi honetan eta estatu kideak suspertzeko pizgarri sorta bat eskaintzea aukeratu du, aurrekaririk gabea, hau ere.
Gure lan-merkatuak, berez hauskorra izanda ere, atzerakada bat jasan zuen 622.600 langileren okupazioan (-% 3,1), Gobernuak hartu zituen, eta gizarte eragile guztien babesa jaso zuten euste-neurriak —batez ere, ABEEEak— gorabehera. Bestalde, langabezia-tasa % 16,13ra igo zen; BAIak 2012tik izan duen daturik txarrenarekin.
2020ko martxoaren 14an, Diputatuen Kongresuak alarma-egoerari buruzko lehen dekretua onetsi zuen. Dekretu horrek tokiko, autonomia erkidegoko eta nazioarteko eremuetan egin zitezkeen mugimenduak mugatzea, biztanleriaren zati handi bat konfinatzea eta, horren ondorioz, zuzenean edo zeharka, sektore askoren enpresa-jarduera bertan behera uztea ezarri zuen. Behin-behineko neurri horiek eragin positiboa izan zuten kutsatze-erritmoari eusteko eta, horrekin batera, batzuetan mugara iritsi zen osasun sistema kolapsa ez zedin.
Oso hilabete gogorrak izan ziren. Deskonfinamenduaren faseak kudeatzeko eta, ondoren, bigarren olatua sartu izana kudeatzeko, mutualitateok urte osoan zehar agertuz joan ziren egoera ezezagunei erantzuna emango zieten konponbideak bilatu genituen. Batzuetan, ordu gutxiren buruan erantzun behar izan genuen, betiere Gizarte Segurantzarekin eta Osasun Sistema Publikoekin lankidetza estuan.
Memoria honetan adierazleen aukeraketa bat aurkezten da, urte oso zorrotz bati eraginkortasunez egokitu ginela erakusten duena. Tamainaren maila gizarte-prestazioen, eta Mutua Universalek egindako transferentzien eta dirulaguntzen gastuarekin egiazta daiteke. Gastu horrek % 83,83ko hazkundea izan zuen 2019ko ekitaldiarekin alderatuta (831,41 milioi euroraino iritsi zen); dena den, datuak ez du islatzen eskaera horri erantzuteko izan genituen konplexutasuna, azkartasuna eta baldintza murriztaileak.
Ekitaldiak arrakasta objektiboa izan du, eta, gure ustez, bi ikuspuntu aintzat hartuz ulertu behar da:
- Kudeatzeko eta erreakzionatzeko gaitasuna, Mutua Universalek pandemiaren erronkari emandako erantzunarekin frogatu dena. Amaieran, jarduera oso azpimarragarri bat aurkeztu genuen, aurrekontu-oreka eta ia adierazle guztien hobekuntza islatzen dituena.
- Ikuspegi estrategikoa, eta joera eta gertakariei etengabe aurrea hartzea, berrikuntzaren, zorroztasunaren eta inbertsioaren bidez ongizatearen estatuaren jasangarritasunari laguntzeko dugun konpromisoari leial.
Egoerari eraginkortasunez heltzeko, beharrezkoak izan ziren talentu eta sakrifizio handiak, eta guztion lankidetza. Halaber, ezinbestekoa izan zen lehen mailako baliabide materialak eta teknologikoak izatea, bai eta kudeaketarako egitura arin bat ere, prozesuak berriz diseinatu eta ezartzeko. Zorionez, Mutua Universal denbora zeraman prestatzen. Erantzun azkarrak erakusten du aurreko urteetan norabide egokian joan ginela eta, ondorioz, sektoreko erakunderik bizkorrenetakoa eta eraginkorrenetakoa izan ginen gakoak izan ziren jarduketetan.
Pandemia iritsi zenean, enpresa kaudimendun bat genuen, antolaketa eredu berritu bat eta teknologia-zuzkiduran eta ekipamenduan egindako inbertsio garrantzitsu batzuk genituen, eta horiei esker, talde konprometitu, trebatu eta solidario batek garai batean pentsaezinak irudituko zitzaizkigun lorpenak izan zituen.
Egoera berri bakoitzari aurre egiteko dugun lasaitasunak Mutua Universaleko taldea definitzen eta bereizten du, bai lehenengo konfinamendura egokitzeko orduan, bai deskonfinamenduaren fase bakoitzaren plangintza eta garapen zehatza egiteko orduan, edo kutsatze-olatuen aurrean atzera egiteko orduan. Eta hori guztia, ziurgabetasun izugarri handiko esparru batean egin genuen.
Helburu soziala duen eta irabazi-asmorik gabeko erakunde batean lan egitearen pribilegioa dugu, inguruan dugun gizartearen ongizateari lagunduz, zorroztasun profesional eta kudeaketa-zorroztasun handienarekin.
Ohiz kanpokoa izan den urte baten errepasoa egiteko orduan, egoki deritzot Mutua Universaleko taldeko 1.883 emakume eta gizonei nire aintzatespenik handiena eskaintzeari. Euren sakrifizioarekin eta adimenarekin, lanpostu bakoitzean, herri bakoitzean eta egunero, erantzukizunaren, profesionaltasunaren eta elkartasunaren adibide izan dira.
Hamarkada baten hasieran gaude, eta ziur asko garrantzi historikoa izango du, dakartzan mugarri eta aldaketa handiengatik. Europar Batasuneko estatuak ados jarri dira susperraldiaren ardatzak klima aldaketaren aurkako borroka, eta gizartearen eta ekonomiaren digitalizazioa izan daitezen.
Eraginkorragoak izan nahi badugu eta Europako estatu sozialaren bideragarritasuna bermatu nahi badugu, eraldaketa digitalak gure bizitzako ia esparru guztietan duen benetako eraginaz jabetu behar gara. Teknologiak aldatu egin du harremanak izateko, lan egiteko, komunikatzeko, entretenitzeko, erosteko, informatzeko eta kudeatzeko modua… Eta, baita ere, pertsonen osasuna diagnostikatzeko, prebenitzeko eta zaintzeko modua. Dena den, eraldaketa fase horren hastapenetan gaude oraindik.
Mutua Universal aitzindaria izan zen duela 20 urte baino gehiago Telemedikuntza garatzen, eta erabakitasunez eta lorpen zehatz oso garrantzitsuekin aurrera egiten jarraitzen dugu. Gaur egun, gure enpresa eta langile babestu guztiei (1,4 milioi baino gehiago) estaldura digitala emateko gai gara. Horrekin batera, dagoeneko errealitate bihurtzen hasi da irtenbide prediktiboen garapena, gure datu-base erraldoiari adimen artifiziala aplikatuz egiten dena. Pixkanaka garatzen eta hedatzen doan errealitatea da.
Horrekin guztiarekin, babesten ditugun biztanleen ongizateari eta enpresen lehiakortasunari laguntzen jarraitzea espero dugu, bai eta Gizarte Segurantzarekiko lankidetza publiko-pribatuaren sistemaren iraunkortasunari ere. Optimismoz begiratzen diogu etorkizunari; hein handi batean, uste dugulako bultzatzen dugun disrupzio digitalak eragin oso positiboa izango duela sektorearen susperraldi ekonomikoan, zeinak berriz azpimarratu behar duen bere balioa, Administrazio Publikoari ekarpen garbia egiten dion sektore gisa.
Urte hain konplexu honetan, aipamen berezia egin nahi diet Zuzendaritza Batzordeari eta, bereziki, haren presidenteari, Mutua Universalekiko erakutsi duten erabateko konpromisoagatik. Eta proiektu honek egunez egun aurrera egin dezan laguntzen diguten guztiei, bihotzez, eskerrak ematen dizkiet.