Director gerente
Publicado el: 02/05/2017

Urteko memoriaren aurreko edizioan aurreratu genuenez, 2015eko ekitaldia ezohikoa izan liteke Gizarte Segurantzarekin lan egiten duen mutua moduan garatzen dugun jarduera ezinbestean baldintzatuko luketen bi faktorerengatik. Hain zuzen ere, abenduaren 26ko 35/2014 Legea, hau da, “Mutuei buruzko Legea”, indarrean sartzea eta Espainiako ekonomia suspertzea erabakigarria izan da gure erakundearen jardunari begira. Gainera, bi erronka horiei behar bezala aurre egiteko gai ere izan gara.

Mutuei buruzko Legearen ondorioz, aldaketa handiak gertatu dira, eta eragina izan dute enpresekin ditugun harreman-ereduetan nahiz osasun-prestazioak eta ekonomikoak kudeatzeko moduan. Joko-arau berri horietara azkar eta eraginkortasunez egokitzeko gai izan gara. Izan ere, geure asistentzia-jarduera areagotu dugu, enpresentzako aholkularitza aktiborako eredua sendotu dugu balioa eskaintzen duten goi-prestakuntzadun taldeen bitartez eta geure administrazio-taldeen eraginkortasuna handitu dugu.

Erronka berri horiek geure gain hartu behar ditugula jakinda, teknologia aurreratuena darabilgu datuak eta komunikazioa urrunetik kudeatzeko. Horrez gain, digitalizazioaren munduan sartu gara bete-betean, eta oso emaitza onak lortu ditugu. On line Klinika euskarri mobiletara (esate baterako, tabletetara) hedatu dugunez, ageri-agerikoa da gaur egungo aro digitalak hainbat aukera eskaintzen dizkigula.

Gure ustez, egokitzeko gaitasun horri eta 2015ean berriro ere egiaztatutako zerbitzu-bokazioari esker, geure enpresa kideen eta langile babestuen konfiantzari eutsi ahal izan diogu. Haiei guztiei neure esker zintzoena adierazi nahi diet.

Bestetik, antolamendu-egitura, baliabideak eta prozesuak azkar-azkar egokitu ditugunez, arautegi berriaren arabera erabateko bermeaz aurre egin ahal izan diogu langile babestuen kopuruaren gehikuntzari, iaz 1.300.000 baino gehiago izan dira-eta. Horretarako, zehatz-mehatz bete dugu legeria, eta, berriro ere, Gizarte Segurantzako Kontu Hartzailetza Nagusiak (GSKN) ondare historikoaren eta kudeaketaren inguruan egindako auditorietako emaitzak izan dira horren adierazgarri.

Mutua Universalek lankidetza publiko-pribaturako ereduarekin daukan konpromisoa berretsi nahi duenez, aurten ere bete-betean lan egin du ongizate-estatuari eusteko, eta bere emaitzak eta ehun urtetik gorako historiaren legatua errespetatzen duen egikera leiala dira horren erakusgarri.

 

Publicado el: 02/05/2017

Lege-esparru berrira arin eta eraginkortasunez moldatu gara: gure asistentzia-jarduera ugaritu dugu, enpresei era aktiboan aholku emateko eredua sendotu dugu eta gure administrazio-taldeen efizientzia areagotu dugu.